miércoles, 29 de octubre de 2014

GREBA OROKORRA


   Denok dakizuenez, urriaren  22, 23 eta  24ean ikasleen greba orokorra izan zen. Gure gelan, bozkaketak egin ondoren, baietza irten zen nagusi eta horren ondorioz, pasaden asteko saio teorikora ez ginen etorri.
Greba Euskal Herri mailan ere izan arren, Ikasle Abertzaleek ez zuten parte hartu nahi izan. Artikulu bat irakurri ondoren, hemen zuekin partekatzea egokia dela pentsatu dut, parte ez hartzearen arrazoiak hobeto uler ditzazuen: 

Ikasle Abertzaleek ez dute bat egingo Ikasle Sindikatuak Madrildik egindako greba deialdiarekin

2014 Urriak 14
Ikasle sindikatuak urriaren 21, 22 eta 23rako greba deialdia egin du eta Ikasle Abertzaleek ez dutebat egin deialdi honekin. Plazaratu duten komunikatuaren arabera “Sindikcato de Estudiantes” gaur egun dugun hezkuntza ereduaren konplize bat besterik ez da: “ez dute herriz herri antolatzeko apusturik egiten, ez dute ikasleria formatzen, ez dute erreformei aurre egiteko planteamendurik, ez dira herrialde eta eremu ezberdinetan antolaturik dauden ikasleekin agenda adosten saiatzen”.
ia_ikasleabertzaleak_logoaIkasle Abertzaleek, aldiz, ezinbestekoa ikusten dute “Euskal Herrian hezkuntza herritik eta herriarentzat izatea lortu nahi badugu, Euskal Herriko eremu ezberdinen egoeraren araberako estrategiak diseinatu, eta honi erantzuten dion agenda politikoa osatzea”.
Ikasle Abertzaleen oharra:
Sindicato de estudiantes-ek Madrildik egindako ikasle grebaren deialdiaren aurrean: 
Ikasle Abertzaleak antolakundeari egindako interpelazio eta akusazioei erantzun eta Euskal Herriari gure erabakien zergatiak jakinarazi eta argipen bat emateko asmoz atera dugu honako komunikatu hau. Ikasle Abertzaleok ez ditugu mobilizazio hauek babesten, arrazoi ugariren ondorioz:
  • Gure antolakundeak, argi du inposatutako erreformei aurre egin eta Euskal Herrian hezkuntza herritik eta herriarentzat izatea lortu nahi badugu, Euskal Herriko eremu ezberdinen egoeraren araberako estrategiak diseinatu, eta honi erantzuten dion erritmo eta pausoek markatu behar dutela gure agenda politikoa.
  • Egoeraren azterketa errealista egin eta ikasleriaren borroka, mobilizazio zurrunbilo antzu batean gelditu ez dadin (Sindicato de Estudiantes-en ohiko planteamendua), beharrezkoa zaigu herrialde eta ikas eremu ezberdinetako dinamiken egoera, nahiak eta beharrak ezagutzea. Dimentsio honetako mobilizazioek pausu esanguratsuak emateko balio behar dute, lanketa serio eta sakona eskatu eta hezigune bakoitzean inbertsio handia egitea exijitzen baitute, helburuak lortu nahi baldin badira behintzat.
  • Deitzaileak diren eragileek, orain arte aipaturiko baldintza bat bera ere ez dute betetzen. Ez dute herriz herri antolatzeko apusturik egiten, ez dute ikasleria formatzen, ez dute erreformei aurre egiteko planteamendurik, ez dira herrialde eta eremu ezberdinetan antolaturik dauden ikasleekin agenda adosten saiatzen (CCOO eta UGT sindikatuekin ez ezik) eta hori gutxi balitz bezala, aurretik aipaturiko guztia egiten saiatzen ari garen antolakunde ezberdinei, haien agenda zentralistara ez batzeagatik onartezinak diren akusazioak egin izan dizkigute.
  • Sindicato De Estudiantes gaur egun dugun hezkuntza ereduaren konplize dela ulertzen dugu. PSOEren interes elektoralistei erantzutera bideraturik dagoen ikasle sindikatu hau, ikasle mugimenduaren izerdiaz probestu da behin eta berriz, negoziatzaile legitimotzat joaz bere burua, ikasleriaren haserrea baretzen saiatu eta gobernuari behar duen egonkortasuna emanaz. Esate baterako, LOMCEren aurretik indarrean zegoen hezkuntza legea (LOE) haiek adostu zuten orduko gobernuarekin. Eta horra hor, komunikabide nagusiek ematen dieten babes eta oihartzunaren edo/eta gobernutik jasotzen dituzten baliabide ekonomiko neurrigabeen jatorria.

Ikasle Abertzaleak erreformen aurrean:
“LOMCE-rik EZ!” lema gainditutzat eman genuen Ikasle Abertzaleok, euskal jendarteak erreforma anker honen muina ulertu eta aurkakotasun sendoa erakustean. Helburu hau gauzaturik, honi nola aurre egin planteatzea egokitu zitzaigun. Ikastetxez ikastetxe eta herriz herri erantzutearen beharraz jabetu eta erantzunaren subjektua ikasleria izatetik, Hezkuntza Komunitate osoaren inplikazioaren garrantziaz ohartu ginen. Azken urteotan lortzea posible izan ez dena lortu zen orduan. Erreforma ez aplikatzeko moduak adostu (horren ondorio da LOMCE desobeditzeko Gure Gida), eta hori gutxi balitz hezkuntza propioa eta herritarraren alde borrokatzeko konpromisoa hartu dugu (ikasleriaren presioaz eta komunitateko hainbat kideren konpromisoaz besteak beste). Orain konpromiso horri klasez klase, ikastetxez ikastetxe eutsi eta hezkuntza propioaren bidean pausoak zehaztea dagokigu.
Estatuko gainontzeko herrialdeetako ikasleekin baterajotzeak adostearen (11×12 mobilizazioekin egin zen moduan) hipotesirik ere ez dugu baztertu inolako momentuan gure antolakundean. Espainiar estatuak zapaltzen dituen Herrietako ikasle antolakundeekin harreman egonkorra dugu (Galiziako 2 antolakunde, Gaztela, Andaluzia, Aragoi, Herrialde Katalanak, Asturias…) eta elkarrekin adosten ditugun mobilizazioak eta ematen ditugun pausoak errealitate ezberdinak kontuan hartuta ematen ditugu. Beraz, berekoitzat, arrazistatzat… jo izan gaituzten sektoreak internazionalismoaren esanahiaren inguruko analisia egitera gonbidatzen ditugu, herrien eta eragileen arteko errespetuan oinarrituriko borroken aldeko hautua egin eta mugimenduaren kapitalizazio saiakerak ekidite aldera.
Mobilizazio horiei babesa ematen dieten Euskal Herriko eragileei:
Europar Batasunak aurrera daraman estrategia neoliberalaren aplikazioa, Espainiako zein Euskal Herriko burgesiak babesten du. Gure eremuan horri aurre egiteko tresna eraginkorrena momentu honetan Hezkuntza Komunitatearen (hezkuntzaren PARTE garen herri sektoreen) batasuna dela ulertzen dugu eta horren koherentziaren eta eraldaketarako apustuaren bermea, ikasleria. Beraz, lerro hauek zuzendurik dauden eragileei Euskal Herrian lanean diharduen hezkuntza plataformara batu edo bertako partaideekin eztabaidatzeko gonbita egiten diegu eragile hauek dituzten planteamendu eta beharrak zein diren jakin eta gure herriari begirako planteamenduak indartze, eta behar bada, bateratze aldera. Hala egiten ez den bitartean, hemen ematen diren pausoak kritikatu eta Madrilgo bulegoetako erritmoak inposatzen saiatzeak, ikasle eta herritarren ar- tean nahasmena sortzeko asmoa erakusten du.
Euskal Herrian LOMCE eta EU2015 gelditu eta herritik eta herriaren mesedera dagoen hezkuntza irabaztea gure erabakien zuzentasunaren eta gure koherentziaren indarraren menpe dago. Irabazteko estrategia iraultzaile bat diseinatzearen eta aurrera eramatearen beharra dago, eta horretan ari gara. Gainontzeko ikasle antolakundeei internazionalismoaren bideari ekin eta estrategiak bateratzeko lan egitera dei egiten diegu.
Aztertuz, astinduz eta sortuz, Euskal Eskola Nazionala! Gora ikasle mugimendu iraultzailea!


No hay comentarios:

Publicar un comentario